Zer da inplantea?

Hortz inplantea titaniozko finkapen bat da eta galdu den hortz baten sustraiaren ordez jartzen da masailezurrean. Finkapen horren gainean hortz-pieza artifiziala jartzen da.

Nork eraman dezake?

Oro har, garapen maximora iritsi diren pertsona guztiek, hau da, 18 edo 20 urtetik aurrera.

Nork ez dezake eraman?

Hezurraren metabolismoarekin gaixotasun larriak dituztenek, edo infekzio zehatzak eta tumore gaiztoak dituztenek, eta era berean, erradioterapia edo kimioterapia tratamendua jasotzen dutenek.

Zer egin behar da inplantea jarri baino lehen?

Espezialistak ahoaren erradiografia osoa egin ohi du, tratatu behar duen hortzaren alde ezkutua nola dagoen jakiteko. Kasu zehatz batzuetan bakarrik izan daiteke beharrezkoa TAC proba egitea. Espezialistak, halaber, ahoko eta hortzoiko mukosa nola dagoen aztertuko du; horrela, inplantea jartzeko modurik onena zein den baloratuko du.

Nolakoa da hortz-inplanteak jartzeko prozesua?

Ebakuntza txiki anbulatorioa da, tokiko anestesia jartzen da, eta odontologoaren kontsultan bertan egiten da, baldin eta kontsulta, jakina, moldatua badago bai materialetan bai esku hartzen duten profesionaletan.

Zenbat irauten du ebakuntzak?

Ebakuntzak berez hogeita hamar minutu inguru irauten du, inplante bat edo gutxi batzuk badira, eta 45 minututik 90era, asko jarri behar badira. Dena dela, gehiago edo gutxiago iraun dezake, espezialistaren esperientziaren arabera eta tratamenduaren zailtasunaren arabera.

Nolakoa da ebakuntza ondokoa?

Egia esan, inplanteak jartzeak ez luke arazorik ekarri beharko, behin ebakuntza bukatutakoan. Pazienteak ez luke ia inolako minik sentitu beharko, zauria orbandu bitartean ez bada. Horrexegatik, eta konplikaziorik ez izateko, espezialistak antibiotikoak eta hantura-kontrako sendagaiak hartzea errezetatu dezake, eta tratamendua egiten ari den alde hori ongi garbitu beharko da.

Gerta al daiteke errefusik?

Eskuarki, ez. Organismoak gehienetan inplantea onartzen du, eta portzentaje oso txikian gertatzen da hutsik hezurrarekiko txertaketan. Halakoetan, ez dago inolako arazorik inplantea berriz egiteko. Funtsezkoak dira espezialistaren esperientzia eta praktika egokia inplantea jartzean, horrelako hutsik ez gertatzeko.

Eragin al dezake erreakzio alergikorik?

Orain arte, azterlan guztiek adierazi dute inplanteek (edo inplanteak osatzen dituzten materialek), hau da, titanioak edo zirkoniak (odontologia holistikoan erabilia) ez dutela inolako alergia ezagunik eragiten. Koroek, aldiz, bai; hau da, inplanteen gainean jartzen diren koroek alergiak eragin ditzakete, baldin eta material noblez egindakoak ez badira.

Zer protesi jar daitezke hortz-inplanteetan?

Funtsean, inplanteetan bi protesi mota jar daitezke: finkoak eta mugikorrak. Material ezberdinez eginak daude, eta behar bezala jartzen badira, emaitza ezin hobeak ematen dituzte.

Zeren mendean dago inplantearen prezioa?

Kalitatearen mendean batez ere, beste eragile batzuk badaude ere.

Egin behar al da mantentzerik?

Urtean behin, pazienteak dentistarengana jo behar du berrikuspena egiteko, eta den-denak ongi funtzionatzen ote duen ikusteko, eta era berean, hortz-higiene osoa egiteko. Berrikuspen horretan, eta mantentzea arazorik gabe egite aldera, beharrezkoa izan daiteke protesia ateratzea eta erradiografiak egitea.

Zer da hezur-integrazioa?

Hortz-inplanteeen arloan, hezur-integrazioa da titanioa hezur bizian txertatzea, baldin eta haren inguruko ehunak handiturik ez badaude. Behar bezalako ebakuntzaren ondotik, titanioa eta hezurra biologikoki batuta gelditzen dira. Gaur egun, hezur-integrazioak arrakasta izaten du ia kasuen % 97n.

Jar al daiteke inplanterik, hezurrik ez badago?

Zorionez, gaur egun badira hezur-bolumena handitu dezaketen teknikak. Hezur-birsorkuntzari esker, sustrai naturalak hartzen zuen tokian finkatzen da inplantea; horrela ziurtatua dago inplantea ez dela hautsiko, eta protesia ez dela laxatuko.

Zer da hezur-birsorkuntza?

Hortza atera ondoren, hari eusten zion hezurra birxurgatzen da. Hezur-birsorkuntzari esker, material oste-eroaleen bitartez, aipatu hezurra berez leheneratzen da eta jatorrizko egoerara itzultzen da.

Jar al daiteke inplanterik hortza kendu eta berehala?

Espezialistak esanen du inplantea jar ote daitekeen edo ez, hortza kendu ondoren. Balorazio horretan hainbat faktore hartu behar dira kontuan: lehenik eta behin, alde horretan infekziorik ote dagoen. Infekziorik badago, onena da itxoitea eta inplantea ez jartzea. Bigarrenik, hortzoi mota; horrela, meheegia bada, gomendagarria da denbora pixka bat igarotzea inplantea jarri baino lehen.

Tabakoa erre al daiteke inplantea jarri ondoren?

Frogatu da, urteekin, tabakoak hortz-inplanteen erorketa eragiten duela; beraz, esan dezakegu guztiz dela gomendagarria erretzeari uztea, inplanterik jarri bada.

Zer dira berehalako kargako hortz-inplanteak?

Jarri berri den inplante baten gainean hortz finko baten karga da, hau da, ebakuntza bukatu eta berehala, edo gehienez, 48 ordu igarota.

Zenbat irauten du hortz-inplanteak?

Iraupen luzeko tratamendua da, eta iraupena hainbat gauzaren mendean dago, hau da, pazienteak higienea behar bezala egiten ote duen, eta profesionalak adierazten dizkion aldian behingo berrikuspenetara joaten ote den.